“Aldaketa
garaietan bizi gara, eta aldatu nahi dugu”. Hala adierazi zuten
atzo atzoko aurkezpenean Patxi Astibiak —euskaraz— eta Ana Laboak
—gazteleraz—. Errenteria-Orereta “bidezko, iraunkor, solidario
eta parte hartzaileagoa” nahi dutela adierazi dute. Horretarako
Irabazi Errenteria iniziatiba sustatu dutela esan dute.
“Bateratzerako gune berriak” sortu nahi dituzte, “bakoitzaren
identitatea errespetatuz, batuketa aritmetikotik harago joateko”.
Irabaziren
baloreak hauek direla jakinarazi dute: etika, aniztasuna, ezkerreko
politika, ekologia, feminismoa eta errepublikaren aldeko baloreen
oinarriak. Publikoa dena “bereziki zainduko” dutela iragarri
dute, eta halako Errenteria-Orereta irudikatzen dute: “etxebizitza
bermatuko dugu; hezkuntza; berdintasuna; osasuna; ongizatea; etxe
kaleratzerik eta bidegabekeriarik gabe; demokrazia parte hartzailea
nahi dugu, gizarte kontrol, aurrekontu parte hartzaile, eta herri
kontsulta eta ekimenekin batera”. Hauek izango dituzte Irabaziren
programa osatzeko oinarrizko printzipioak:
- Barne demokrazia, prozesuan protagonismo eta parte hartze soziala oinarri izango duena.
- Gardentasuna: “Erabateko gardentasunez” jokatu nahi dute. Hautetsi guztiek udal jarduera guztia kontrolatua izateko konpromisoa hartu beharko dute. Era demokratikoan hartutako erabakiak ere errespetatuko dituztela esan dute.
- Parte hartzea: Eztabaidarako gune irekiak bermatuko dituzte, erabaki adostuak eta gehiengoaren printzipio demokratikoak errespetatuko dituzte.
- Integrazioa: Genero ikuspuntua kontuan hartuko dute, baita LGBT, migrante eta beste hainbat kolektibo ere.
Horretaz
guztiaz hitz egiteko asanblada publikoa deitu dute abenduaren 13rako.
Xenpelar Etxean izango da, 10:00etan, eta errenteriar guztiak
gonbidatu dituzte.