martes, 28 de abril de 2020

"Kolektiboa eta udal politika, COVID-19ari aurre egiteko sare" (José Manuel Ferradás)

Ideia konpartitu bat dagoela sumatu dut garai hauetan. COVID-19ak eragindako osasun krisiaren ostean, gaur gaurkoz, neurria jartzea ezinezkoa den krisi ekonomiko eta soziala helduko da. Horri aurre nondik egingo diogun zehaztea garrantzitsua da.



Hainbat erakundeetatik eta sektoreetatik —enpresariak kasu— ez da keinu bereziki pozgarririk heldu; ez dirudi 2008an izandako krisiari erantzuteko erabili zituzten parametroetatik asko urrunduko direnik. Krisi honen jatorria “gainditzeko” denborarik ez dute izan, edo beraien eraikitze ideologikoek ezartzen dute beren jarduna. Ziurrenik, bigarrena da zuzena.

Eraikitze horretatik, kolektiboa mespretxatzen dute, eta piramidalaren aldeko apustua egiten dute, beren diskurtsoak hori guztia ezkutatu nahi badu ere. Piramide horretan, menpekoak dira instituzioak, eta indibidualismoaren aldeko apustua identitate ezaugarria duen eraikitze sozialaren babesle.

Indibiduala eta kolektiboa, kontrajarriak dira.

Egoera honetan, logika hori apurtzera dei ditzakegu hurbileko instituzioak. Egungo pandemia oinarri izango duten etorkizuneko krisiei erantzun partekatu eta solidarioa, udalak beraiek eta herritarrak aktore izango dituen erantzuna ematera dei ditzakegu udalak. Beste aukera, udalak beste erakundeek ezarritako politiken menpeko bihurtzea da, jendearen beharrak erantzuteko gaitasunik ez duten bigarren mailako agente izatea. Erantzun hori ordea,  ez da bat batean ematen kolektibotik. Denboran zehar eraikitzen da. Eta puntu honetan du bere lekua Errenteriako Udalak, erreferente gisa.

Errenteriak, beste euskal herri ugarik bezala, bizilagunen arteko banaketa bizi zuen Frankismoaren amaieran; jatorri ezberdinak oinarrian, auzoetara ere heldu zen banaketa hori, eta hainbat adierazpen politiko eta sozial izan zituen. Denboran barrena luzatu zen banaketa hori, eta gure garaietaraino heldu. 2011. urtean, udalaren kudeaketan aldaketa politiko esanguratsua izan zen, eta udalbatza berriak erronka ezarri zion bere buruari: gainditzea —posiblea zen neurrian— banaketa hori. Ezberdinen arteko zubiak eraikitzea. Ezberdinekiko errespetuz, komunitatea eraikitzea. Gaur gaurkoz, esan dezaket urrats esanguratsuak egin direla bide horretan.

Komunitatea eraikitze horrek, ordea, diskurtso hutsa gainditu eta jendearen eguneroko bizimoduan eragina izan behar zuen. Nabarmenena zen, arlo sozialean inor atzean ez gelditzea, are gehiago, krisi ekonomikoaren eragina gordinean azaldu zenean. Bi urtez, gizarte zerbitzuetara biztanleko diru gehien bideratu duen estatuko herria da Errenteria; eta hori, gardentasun eta eraginkortasun parametroetatik egin du.

Horrekin batera, askotariko udal politikak garatu ditu, eta guztietan saiatu da sentsibilitate politiko eta sozial ezberdinak aintzat hartzen, errespetutik, eta kasu bat baino gehiagotan, kortse alderdikoi propioak apurtzen saiatzen. Udal kudeaketan ez da lehenetsi alderdi interesa, edota probetxu politikoa ekinbide ardatz gisa. Esan behar da, bederatzi urte geroago, Errenterian gauzak nahiko ondo egin direla kolektibotik. Esan behar da, sentimendu komunitarioa sendoagoa dela, eta kohesio sozialean sakondu dugula.

Agian horregatik, beste lekutan baino askoz ere azkarrago eman dira pausuak bertan, eta herritarren eta udalaren ekintzen arteko sinergia egon da. Horren adibide bat, 400 herritar baino gehiagoz osatutako Zaintza Sare Komunitarioa da. Krisiaren lehen egunetan sortu zen Errenterian bizi diren 70 urtetik gorako 7.000 adinekoen askotariko beharrei erantzuteko.

Beste neurri bat. Martxoaren amaieran, online hezkuntzarekin bat egitea ezinezkoa duten haurrak identifikatu zituzten. Apirilaren 1ean, haien beharrei erantzun zieten. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saila, apirilaren 15ean hasi zen gai horri erantzuteko aukerez hitz egiten. Kale egoera bizi duten pertsonei alojamendua eman zaie, ezarritako berrogeialdia baldintza duinetan bete dezaten. Amaitzeko, aipatu behar da talka eta suspertze tokiko plana onartu dela eta hiru miloi euro bideratu komertzio txikia eta autonomoak laguntzeko. Esfortzu ekonomiko garrantzitsu hori egingarria izan da saneatutako kontuei esker, kudeaketa ekonomiko egoki bati esker.

Datorrenari, komunitariotik erantzutea posible da, eta desiragarri. Posible da, jendea eta bere beharrak erdigunean jartzen dituzten politiken alde egitea. Posible da, krisi garaietan ere, komunitatea eraikitzea. Nire ustez, aurre egiteko modurik egokiena da. Kolektibotik erantzun behar zaie pandemiak utziko dituen askotariko zauriei. Eta iudal politikek garrantzi handikoak izan behar dute horretan. Are gehiago, esan daiteke, lokaletik erantzun daitekeela, beste marko batzuk erantzuteko gaitasun eza erakutsi duten bitartean. Errenterian horretan ari gara.


Jose Manuel Ferradas Freijo, Errenteriako Udaleko zinegotzia.